Gipuzkoako industria-enpresen lehen energia-komunitatea sortu da Eibarren
2023ko OTSAILAK 10
EAEko industria-sektoreak eguzki-energia berriztagarriaren aldeko apustua egin du Gipuzkoako industria-enpresen lehen energia-komunitatea sortu baitu Eibarren. TEK Azitain (Tokiko Energia Komunitatea) izeneko ekimena izen bereko industrialdean egongo da, eta 347 plaka fotovoltaiko instalatuko ditu industrialdeko zortzi enpresari energia emateko. Acha Herramientas, Codesyntax, Hanna Instruments, Inkubagailua Eibargunea, Jose Maria Irazabal, Manufacturas Resort, Neurtek, Teleapostuak enpresei hain zuzen. Proiektuan parte hartzen duten zortzi enpresa horiek izaera juridiko propioa duen energia-komunitate bat osatu dute proiektua martxan jartzeko.
TEK Azitain, Debegesa eskualdeko Garapen Agentziak eta enpresek sustatua, Energiaren Euskal Erakundearen (EEE), Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailaren eta Eibarko Udalaren laguntza izan du. Edinorrek diseinatutako ereduaren arabera eratu da TEK Azitain komunitatea. Edirno Petronorren %100 filiala da, eta energia-komunitateen garapenean espezializatuta dago. Proiektuak, hasierako bideragarritasun-azterketa egiteko, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailaren laguntza ekonomikoa izan du, baita Energiaren Euskal Erakundeak kudeatzen duen Next Generation Autokontsumorako Programaren laguntzena ere.
1.086 m2ko azalera osoarekin, instalazioak 156 kW sortuko ditu eta urteko faktura elektrikoan asko aurreztea ahalbidetuko du. Izan ere, eguzki-plakek sortzen duten energia enpresa bazkideen guztizko kontsumoaren %25 da gutxi gorabehera. Fakturatik deskontatuko zaie zuzenean eta ez dute ordainduko ez bidesaririk ez kargurik.
Proiektu eredugarria
Hori horrela, lurraldean energia-trantsizioa bultzatzeko konpromisoa indartu egiten da; izan ere, abantaila ekonomikoekin batera, urtean 972 tona CO2 isurtzea saihestuko da, hau da, 25 urtean emisioak xurgatzen dituzten 3.891 zuhaitz landatzearen baliokidea.
Proiektuak enpresen energia-autonomia pixkanaka handitzeko helburua du, poligonoan garatzen den jarduera ekonomikoaren deskarbonizazioa nabarmen hobetzeko eta bertan dauden enpresen energia-lehiakortasuna handitzeko. Ildo horretatik, industrialdean bertan biltegiratze-sistema bat jartzea eta instalazio fotovoltaikoa gehiago jartzea aztertzen ari dira, interesa duten enpresa berriak komunitatean sar daitezen. Izan ere, komunitate honek enpresa eta/edo instalazio berriak har ditzakete 2 kilometroko erradioan.
Proiektua gaur aurkeztu da eta ekitaldian egon dira: Iñigo Ansola, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia; José Ignacio Asensio, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Foru Diputatua; Jon Iraola Eibarko alkatea; Juan Angel Balbás, Debegesako Zuzendari Nagusia; TEK Azitain proiektuko zortzi enpresak; Edinor enpresako kontseilari delegatua, Juan Diego eta Mari Carmen Lazkano, Deba Bailarako Industrialdeko kudeatzailea.
Miguel Ángel Arenasek (TEK Azitaingo lehendakaria) nabarmendu duenez, “ekimen honi esker, enpresek modu garbiagoan eta jasangarriagoan parte har dezakegu energiaren sorkuntzan eta kontsumoan. Urtebete daramagu proiektu honetan lanean, eta, azkenean, gauzatu egingo da, izan ere, datozen asteetan instalazioa egin eta abian jarriko da.”
Iñigo Ansola EEEko zuzendari nagusiak Euskal industrian eta gizartean bertan errotuta dagoen lankidetza-kulturari balioa eman dio. “Horrek aukera ematen du energia-trantsizioaren helburuak eta konpromisoak betetzeko ezinbestekoak diren energia berriztagarrien instalazioak ezartzeko proiektuak garatzea. Eredu iraunkorragoaren alde lan egiten dugu, baina lehiakortasun-osagai garrantzitsua ere badute. Energia berriztagarri gehiagorekin gas gutxiago kontsumituko da” gehitu du.
Jose Ignacio Asensiok, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatuak, azpimarratu du herritarren energia-komunitateen kasuan bezala, erreferente gisa posizionatuko dela Gipuzkoa industria-arloan, alternatiba energetiko merkea, garbia eta jasangarria bultzatuz: “Eibar aitzindaria izango da bere industriarako eredu energetiko eraginkor, iraunkor, ekonomiko eta segurua bultzatzen, Azitaingo energia-komunitate industrialaren bidez. Enpresentzako autokontsumo kolektiboan oinarritutako energia-eredu hau lehiakortasun abantaila garrantzitsua da industriarako, eta bultzada sendoa ere izango da eskualdeko eta lurraldeko deskarbonizazio-helburuetarako”.
Bestalde, Jon Iraola Eibarko alkateak zera esan du: “Oso harro gaude industria-enpresen komunitate energetikoa eratzen den Gipuzkoako lehenengo hiria izateaz; beharrezkoak izan diren bide guztiak erraztu nahi izan ditugu horretarako. Oso urrats garrantzitsua da ingurumenaren arloan eta lortu nahi genuen mugarrietako bat, Eibarko Udaletik hiriko industrialde bakoitzean kokatutako enpresen koordinazioa eta baterako lana sustatu genuenean. Zalantzarik gabe, kokapen eta giro horrek —enpresek elkar ezagutza eragin zuena— erraztu egin du komunitatea eratzea. Udalak energia jasangarriagoak eta eraginkorragoak kontsumitzeko duen konpromisoa irmoa da. Horregatik, helburu horiek lortzea ahalbidetuko duten ekimenak eta politikak garatzeaz gain —2022an onartutako Eibarko Klimaren eta Energia Jasangarriaren aldeko Ekintza Planaren barruan—, ekosistema egoki bat sortu nahi dugu hirian helburu horiek lortzeko.
Edinor enpresako Kontseilari Delegatuak, Juan Diegok, adierazi duenez, “enpresa-komunitate energetikoak garatzea, lurraldeko jarduera ekonomikoa eta industriala deskarbonizatzeko bidea izateaz gain, enpresen energia-lehiakortasuna hobetzeko tresna egokia ere bada”.