Zierbenak XXXVIII. Petronor Ikurriña eta lehen Edinor Ikurriña izango ditu igande honetan
2021eko UZTAILAK 8
Datorren igandean, uztailak 11, Zierbenako Portuko estropada zelaian Eusko Label Ligako XXXVIII. Petronor Ikurriña eta Euskotren Ligako lehenengo Edinor Ikurriña izango dira, denboraldiko 4. jardunaldia bi lehiaketetan.
Arraun jardunaldi hau emakumeen estropadarekin hasiko da 11:40etan eta Euskotren Ligako traineruek milia nautiko eta erdiko ibilbidea egingo dute (2.778 metro), bi luzeetan banatua eta ziaboga batekin.
Juan Diego Edinorreko kontseilari delegatuak gogorarazi duenez, Petronorren filialak urtebete bete du, “emakumezkoen lehen estropada babesten ari garen une honetan. Enpresa berri gisa ditugun balioen artean, argi daukagu emakumezkoen kirolaren aldeko apustua, eta ez dago Edinor Ikurriña hau baino hasiera hoberik “.
Ondoren, Petronor Ikurriña hasiko da. Bertan, Eusko Label Ligako 12 klubak hiru txandatan banatuta egongo dira, Donostian jokatuko den aurreko eguneko estropadaren azken sailkapenean oinarrituta. Gizonezkoen traineruek hiru itsas milia (5.556 metro) osatu beharko dituzte, lau luze eta hiru ziabogarekin.
Jose Ignacio Zudaire Petronorreko Giza zein Antolaketa, Erakunde Harremanen eta Ekonomia zein Finantza Sailaren zuzendariak, bere aldetik, azpimarratu du pandemiaren ondoriozko “geldialdi garai honetan”, arrauna “enpresek eta erakundeek aurrera egiteko egin behar dugunaren irudi ona” dela, “esfortzua eta konpromisoa delako formula”.
Aurkezpenean, Iñigo de Loyola Ortuzar Zierbenako alkateak eta Jose Luis Herrerias “Txito” Zierbenako Arraun Klubeko presidenteak Petronorren, Edinor filialaren eta ekitaldia posible egiten duten erakunde zein enpresa guztien laguntza eskertu dute.