Edinorren TEK eredua Kantabrian abiatu da
2022ko ABENDUAK 18
CEL Cantabria, Edinorren (Petronorren filiala) ereduko tokiko energia-komunitatea, 39 alkate baino gehiagoren aurrean aurkeztu zen, Torrelavegako Ganberan antolatutako ‘Comunidades Energéticas. En busca del ahorro desde lo local’ (Energia Komunitateak. Aurrezki bila toki mailatik) topaketan.
Horrela, Edinorrek, Torrelavegako eta Kantabriako Merkataritza Ganberek, Territorio Rural Inteligente proiektuak eta Kantabriako Gobernuak energia sortzeko eredu berriztagarri honetara egin beharreko aldaketa lideratzeko aukera eman diote komunitateari, inor atzean utzi gabe eta herritarrek zein enpresek energia berriztagarriak eskuratzeko aukera demokratizatuz.
Paula Fernández eta José Luis Gochicoa Kantabriako kontseilariak eta beste agintari batzuk partaide izan zituen jardunaldian, Juan Diego Edinorreko CEOak argi utzi zuen EBk tresna efiziente eta eraginkortzat jotzen dituela Tokiko Energia Komunitateak klima-aldaketaren aurka borrokatzeko zein despopulazioari aurre egiteko.
Hori dela eta, autokontsumoa sustatzeko 477/2021 Errege Dekretuan, laguntzen inguruko erreferentzia eta zenbateko espezifikoak daude, TEKentzat zein 5.000 biztanletik beherako udalerrietan garatutako proiektuentzat. Hementxe dago sartuta Kantabria TEKa: bi osagaiak uztartu ditu Energia Komunitate bakarra eratuz, eta komunitate honetan bildu ditu Erronka Demografikoari atxikitako 87 udalerri, biztanle-kopuruagatik Erronka Demografikotik kanpo dauden Kantabriako 15 udalerriak baztertu gabe.
Udalek, etxeek eta saltokiek osatutako erakunde bakarra arduratuko da 102 udalerrietako udal-estalkietan instalazio fotovoltaikoak jartzeaz, eta sortutako energia autokontsumo kolektiboaren erregimenean ustiatuko dute instalazioen inguruko bazkideek.