Edinorrek eta Viuda de Sainzek irabazi dute Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailaren lehiaketa 22 TEK berri abiarazteko
2022ko AZAROAK 21
Edinorrek eta Viuda de Sainzek osatutako ABEEak irabazi du Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumen Sailaren lehiaketa 22 tokiko energia-komunitate berri abian jartzeko, 20 udalerri gipuzkoarretan, lurraldeko trantsizio energetikoa sustatuz.
Proiektuak 47 instalazio fotovoltaiko egitea dakar, 1,1 MW sortuko dituztenak eta 2.000 etxe baino gehiagori eta denda txikiei energia emango dietenak. Aurreikuspenen arabera, 22 energia-komunitate berriak udazken honetan eratuko dira, neguko hilabeteetan instalazioak gauzatuko dira eta tokiko energia-komunitate berriak datorren urteko udan jarriko dira martxan.
Zehazki, Tokiko Energia Komunitate berrietaz baliatuko diren auzotarrak eta merkatariak Abaltzisketa, Aizarnazabal, Alegria, Alkiza, Altzaga, Amezketa, Arama, Asteasu, Bailarrain, Beizama, Berastegi, Elduain, Ikaztegieta, Irura, Leaburu, Lizartza, Olaberria, Orendain, Ormaiztegi eta Zizurkil udalerrietakoak dira. 5.000 biztanletik beherako udalak dira guztiak.
Tokiko energia-komunitate berri horiek Edinorrek diseinatutako TEK (Tokiko Energia Komunitateak) ereduari jarraituko diote. Eredu horrek energia berriztagarriaren autokontsumo partekatua dakar, eta, kasu honetan, ekimenean parte hartzen duten udalek lagatako eraikinen estalkietako instalazio fotovoltaikoetatik abiatuta egingo da. Horrela, instalazio fotovoltaikotik 1.000 metrora dauden auzotarrak eta merkatariak TEKeko bazkide egin daitezke eta abantaila guztiak izan ditzakete: 0 km-ko energia, % 100 berriztagarria eta %25eko murrizketa faktura elektrikoan, besteak beste.
Gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiak ekimen honi emandako laguntzari eta parte hartzen duten udalen lankidetzari esker, tokiko energia-komunitate horiekin elkartzen diren etxebizitzek eta saltokiek ez dute inolako kopururik ordaindu beharko instalazioak gauzatzeko, eta, beraz, doan izango dute beren herriko eraikin publikoen estalkietan jarritako eguzki-plakek sortzen duten energia. Horretarako, Energiaren Euskal Erakundeak eta proiektu honi finantzaketa eman dioten Next Generation EB funtsek ere laguntzen dute.