Berriak

Nafarroako udaletako ordezkariak, gaurko bileran; eta eskuman, Edinorreko kontseilari ordezkari Juan Diego.

28 JUNIO 2023

‘TODA Navarra I’ energia komunitatea osatzen duten udaletako alkateek eta ordezkariek bilera egin dute gaur Nafarroako Merkataritza Ganberan, proiektuaren aurrerapenak ebaluatzeko eta energia komunitatea erabat martxan jartzeko azken urratsak adosteko.

Nafarroako Merkataritza Ganberak eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak (NUKF) bultzatuta eratu zen 2022an ‘TODA Navarra I’ energia komunitatea, eta, gainera, Nafarroako Gobernuaren, CENERen eta Petronorren filiala den Edinor-en babesa du, bazkide teknologiko gisa.

Nafarroako 26 udalek parte hartzen dute ‘TODA Navarra I’ energia komunitatean. Hain zuzen ere, Ablitas, Andosilla, Arguedas, Armañantzas, Azagra, Buñuel, Cadreita, Cascante, Fitero, Fustiñana, Jaurrieta, Legarda, Lekunberri, Martzilla, Mendabia, Milagro, Mues, Erriberri, Oteitza, Azkoien, Donamartiri Untz, Torralba, Uxue, Valtierra, Alesbes eta Atarrabiakoek.

Bilkuran, María Carmen Segura ‘TODA Navarra I’ energia komunitateko presidente eta Alesbesko alkateak jakinarazi du 46 instalazio fotovoltaiko egiten hasi direla dagoeneko, eta 7.301 eguzki-plaka jarriko dituztela. Adierazi duenez, azaroan 21.900 m2 plaka jarriko dituzte, komunitate energetiko hori osatzen duten 26 udalek lagatako eraikinen teilatuak estaltzeko. Halaber, adierazi du plakak jartzeko ordena meteorologiak eta beste kontu administratibo eta tekniko batzuek baldintzatuko dutela.

Segurak azpimarratu duenez, “komunitateko udalok ilusio handia dugu proiektuarekin, gure herritarrei, saltokiei eta enpresa txiki eta ertainei aurrezteko aukera emango baitie, eta, gainera, trantsizio energetikoarekin bat egiten dugu eta ingurumenaren iraunkortasunari laguntzen diogu”. Era berean, ‘TODA Navarra I’ komunitateko presidenteak azpimarratu du sentsibilitate eta kolore politiko ezberdinak batzen dituen proiektua dela.

Orain, udalek informazio- eta hedapen-kanpaina bat abiaraztea erabaki dute. Uztailean 10 udalerritan egingo da, eta irailetik aurrera, udalerri guztietan, proiektua herri horietako bizilagunei hurbiltzeko eta urriaren amaieran 2.000 bazkidera iristeko.

‘TODA Navarra I’ energia komunitatea proiektu erabat aitzindaria da estatu mailan. Hain udalerri kopuru handia biltzen duen eta Next Generation Europako Funtsen babes handia jaso duen lehen energia-komunitatea da, eta Estatu mailan funts horiek esleitzea erabaki zuen deialdian gehien baloratutako proiektuetako bat da.